Literaturaren munduan egutegian gorriz markatu beharreko eguna da gaurkoa, urriak 8. Alde batetik, gurean Euskadi Literatura Sariak banatu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, azken urteko literatura-sorkuntza nabarmenenak saritu guran. Bestetik, Suediako Zientzien Errege Akademiak ere Literaturako Nobel Saria banatu du gaur, eta Svetlana Alexijevitx bielorrusiarraren kazetaritza-lanak saritu ditu. Literatur sarien betekada gaur, beraz!

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila goizeko lehen orduetan hasi da Euskadi Literatura saridunak nortzuk diren jakinarazten. Saria jaso duten hiru lanak, gainera, Durangoko Azokan eskuragai izango ditugu aurten. Mikel Peruarena Ansaren "Su zelaiak" (Susa) lana izan da euskarazko literaturan saria jaso duena. Nobela hau Lehen Mundu Gerran girotua dago, eta Baionako Infanteriako 49. Erreximenduak bizitako une gordinak kontatzen ditu, soldadu eta ikazkin biren ikuspegietatik. Peruarenak sariari uko egitea erabaki du.

Hurrengo sariduna Joxe Azurmendiren "Historia, arraza, nazioa" (Elkar) saiakera izan da, euskarazko saiakeraren kategorian. Idazle zegamarrak nazioaren kontzeptu alemaniarren eta frantsesaren nondik norakoak aztertu ditu, batez ere Ernest Renan pentsalari bretoiaren idatzietan oinarrituz.

Euskarazko haur eta gazte literaturaren lanik nabarmenenak ere saria jaso du gaurkoan: Yolanda Arrietaren "Argiaren alaba" obra autoeditatua izan da. Lan honen bidez, egilea Bizenta Mogelen bizitzara hurbiltzen saiatu da, errealitatea eta fikzioa nahastuz.

Esan bezala, hiru lan hauek Durangoko Azokako katalogoan eskuragai izango ditugu, beste hainbat literatur lanen artean.

Halaber, gaurkoan ere gaztelerazko literaturaren saria ere banatu dute: Martin Olmosek jaso du, "Escrito en negro" (Pepitas de Calabaza) bere lanagatik.

Euskarazko Itzulpegintzako Euskadi Saria ere, Azokan

Aurreko lanez gain, urriaren 15an Eusko Jaurlaritzak itzulpengintzari dagozkion Euskadi Sariak ere banatu zituen. Euskarazko bertsioaren kasuan, sariduna "Zeru Horren Infernuak - Shakespeareren Sonetoak" izan da, Juan Garziak euskaratutakoa. Garziak Hamlet obra ere euskaratu zuen, eta Euskadi Saria jasotzen duen bigarren aldia da –1999. urtean Jose Luis Borgesen "Ipuin Hautatuak" liburua euskaratzeagatik jaso zuen–.

Nobel saria, kazetaritza-erreportajeentzat

Suediako Akademiak ere jakinarazo du 2015. urteko Literaturako Nobel saria nork jaso duen, eta, lehen aldiz, kazetaritza erreportajearen generoa saritu du. Svetlana Alexijevitx kazetari eta idazle bielorrusiarra izan da saria jaso duena, eta bere lanetan Sobietar Batasun ohiko herrialdeen gatazkak islatu ditu.

 

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT