Abenduaren 5ean ospatuko den Ikasle Egunerako Euskal Herriko ikastetxe eta hezkuntza-zentroetako ikasleei zuzendutako diziplina anitzetako tailerrak antolatu dira.
Tailerretan izena emateko epea urriaren 1etik 15era egongo da zabalik.

Azken urteetan bezala, Euskal Herriko ikastetxe eta hezkuntza-zentroetako ikasleek diziplina anitzetako hainbat tailerrekin ikasteko eta gozatzeko aukera izango dute Durangoko Azokan, Ikasle Egunaren baitan. Modu honetan, haur eta gaztetxoek literatura, musika, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta, oro har, sorkuntzaren mundura hurbildu ahal izango dute.

Ikasle Eguna

 

Guztira, 10 tailer izango dira abenduaren 5ean ospatuko den Ikasle Egunean, eta Azokako zortzi guneez gain, Durangoko liburutegian, eta Arte eta Historia Museoan izango dira jarduerak.


Tailerretan izena emateko epea urriaren 1ean, zabalduko da eta urriaren 15era bitartean eman ahal izango dute izena ikastetxe eta hezkuntza-zentroek. Izena emateko webgunean erregistratu beharko da (aurreko urteetan izena eman ez bada) eta, ondoren, tailerra aukeratu. Lekuen esleipena zozketa bidez egingo da eta e-postaz jakinaraziko zaie izena eman duten guztiei.


Honakoak izango dira Ikasle Egunerako antolatutako tailerrak:

Musika elektronikoaren ekoizpena: Lekua: Ahotsenea Solasaldiak. Ordua: 12:00etan. Adin tartea: DBH 1-2. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 25.

Telmo Trenor musika elektronikoko ekoizle donostiarra gaur egun Euskal Herrian asko hazten ari den musika berritzaile honen sortze prozesuaz arituko da, baita erabiltzen dituen gailuez ere.

Gaur egungo testuak: Lekua: Ahotsenea Solasaldiak. Ordua: 11:00etan. Adin tartea: DBH 3-4. Iraupena: 45 minutu. Partaide kopurua: 15.

Yurre Ugarte idazleak idazketa eta irakurketari buruz bideratuko du tailerra, gaur egungo ohiturek eta teknologia berriek ematen diguten perspektiba ezberdinetatik abiatuz.

Liburu bat egingo dut: Lekua: Areto Nagusia. Ordua: bi saio, bata 11:00etan eta bestea 12:30ean. Adin tartea: DBH 1-2. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 25.

Maite Mutiberriaren eskutik liburu bat nola egiten den eta editorearen lanbidea ezagutuko dute ikasleek.

Poropopoesia: Lekua: Saguganbara. Ordua: bi saio, bata 10:30ean eta bestea 12:30ean. Adin tartea: LH 4, 5 eta 6. Iraupena: 90 minutu. Partaide kopurua: 15 

Poesiarekin jolastuko dira haurrak sormen prozesuak irekiz. Helburuak bi dira; batetik, haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea; eta bestetik, poesiak sor dezakeen plazera ezagutaraztea. Poesia ulertzeko eta ezagutzeko autore eta poesia mota desberdinak aurkeztuko zaizkie ikasleei.

Grabatuarekin jolastuz ilustratu: Lekua: Durangoko Arte eta Historia Museoa. Ordua: hiru saio 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean. Adin tartea: DBH 1, 2, 3 eta 4. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 20.

Antzinatik ilustratu izan dira liburuak, baina inprentaren asmakuntzarekin etorri zen benetako iraultza. Grabatuen teknika izan zen ohikoena. Museoan ikusgai izango den erakusketan hainbat grabatu ikusi ahal izango dituzte gaztetxoek. Horretaz gain, Irati Eguren ilustratzaileak grabatuaren teknikara hurbiltzeko saiakera egingo du eskuzko monotipoaren teknikaren bitartez. Teknika azaldu eta testua eskuartean dutenean ilustrazioa egitera joko dute ikasleek.

Soinu efektuak zinemagintzan: Lekua: Irudienea. Ordua: bi saio, bata 10:00etan eta bestea 13:30ean. Adin tartea: DBH 1, 2, 3 eta 4. Iraupena: 150 minutu. Partaide kopurua: 20.

Oso gutxitan erreparatzen diegu soinu banda bat osatzen duten soinu guztiei. Horregatik tailer honetan ez dute soilik pelikula bat entzuten ikasiko, eta zinema sekuentzia baten soinu banda elkarrekin sortuko dute ikasleek.

Heldu programazioari: Lekua: Kabi@. Ordua: bi saio, bata 10:30ean eta bestea 12:30ean. Adin tartea: LH 5-6. Iraupena: 90 minutu. Partaide kopurua: 20.

Programazioaren oinarrizko kontzeptuak landu ditzakegu ordenagailurik gabe. Horretarako, pieza batzuk dauzkagu agindu segidak egiteko. Ariketa batzuen bidez, agindu segidez gain, begiztak eta baldintzak ere landu daitezke. Ariketetan hasierako kontzeptuak lantzeko labirintoak erabiltzen dira eta, ondoren, irudi geometrikoak. Beraz, matematiketako hainbat kontzeptu ere landuko dira.

Szenatokia antzokia zirrikituz zirrikitu: Lekua: Szenatokia (San Agustin kultur gunean). Ordua: hiru saio, 11:00, 12:00 eta 13:00etan. Adin tartea: DBH 1-2. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 40.

San Agustin kultur guneko zirrikituak ezagutzeko aukera aparta izango da. Horrez gain, antzerki obra baten atzealdea edo barrualdea ikusi eta ezagutu ahal izango dute gaztetxoek.

Euskal kantagintza kontzertuan: Lekua: Plateruena. Ordua: bi saio, 11:00 eta 12:00etan. Adin tartea: Batxilergoa eta erdi mailako zikloak. Iraupena: 45 minutu. Partaide kopurua: 30.

Betiko euskal kanta eta garaikideen transmisioa helburu duen kontzertua izango da honakoa.

Estanpazio tailerra / Zigiluen sorkuntza: Lekua: Bizenta Mogel liburutegia. Ordua: 11:30ean. Adin tartea: DBH 1, 2, 3 eta 4. Iraupena: 90 minutu. Partaide kopurua: 25.

Lantegi honetan estanpazioaren munduan murgilduko dira ikasleak eta ipuin bat sortuko dute inprimategi zahar batetan egongo balira bezala. Material desberdinak eta tinta bereziak erabiliz, mota askotako zigiluak eta irudi eta testuak estanpatuko dituzte. Eta prozesua modu osoan ulertu dezaten, umeek beraien zigilu propioa sortuko dute nahi duten irudi eta testuekin.


Informazio gehiago nahi izanez gero edo zalantzaren bat argitzeko, Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi edo 673 005 981 zenbakira dei daiteke.

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT